XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Paper artan zeuden bertso danak edo geienak arkitu ditugu gero moldezko bertso paperetan, ta alde guztietatik ezagun du zarra dala oso.

AZKENA.

Bañan bukatu bearko degu.

Ikusi degu nolako fede ederra gure erriak duan.

Eutsi dezaiogun ba kristau fedeari, ez dezagun gure Euskalerri jentil-erri biurtu, ipui zarretako sasoian zegoan antzera.

Ez du berriro probatzea merezi.

Ta orain erregutxo bat egingo nizueke.

Agian norbaitek gustokoak izango ditu nik emen aitatutako zenbait bertso.

Faborez ta mesedez: ez dezaizkidala eskatu, premi aundiren bat ez badu beintzat.

Pazientzia artu beza argitaratu artean.

Lanaz aberats ta denboraz pobre bizi bai gera aspalditik.

Gogoan artu ezazute ere berriketaldi au Urrillean moldatu nuala, ez emen esateko egunaren bezperan; au da, udaran bildutako bertsoai ezer gutxi begiratu gabe.

Orregatik nere emengo esanak ez dute agertzen nere orain oraingo irizbidea, baizikan ordukoa, Urrillekoa.

Ez ditut ere erabilli urre puskak balira bezela gordeta dauzkadan beste bi bertso mordo ugariak: Bata Bonaparte Jaunak bildu ta orain Chicago'ko Newberry Library'n dagoanaren mikrofilm ederra: lareun bat bertso paper izango dira.

Bestea D'Abbadie Jaunak bildu ta orain Paris'ko Bibliothèque Nationale'n dagoanaren mikrofilma; onek berreun bat paper izango ditu.

Bi mikrofilm oiek adiskide berari zor dizkiot; emendik berriz ere esker ugariak.

Ta aurtengo udaran bildutakoak aitatu ditudan ezkero, nolako arrantza izan ote da? Galanta.

Bertso paperen mordo lodiak jaso izan ditut Azpeitian, Zarautzen, Aizarran, Altzan, Oyartzunen, Donostian, Errenterian, Tolosan.

Ta paper mordoa ez diranak auskalo zenbat tokitan.

Arkitu ditut ere eskuz idatzi mardulak Azpeitian, Soraluzen, Ondarroan, Errenterian, Donostian, Elosiagan.

Amairu kuaderno arkitu nituan Urdazubin.

Orain ogei ta bost urte Errotan gabero zai galditzen zanak egiñak dira.

Auxe zan ordurarte nik arkitutako eskuz idatzirik aundiena.

Bañan aguro kendu zioten Urdazubiri txapela.

Astebete gabe Tolosan arkitu nituan lareuna orrialdeko bi album.

Auetan bazeuden batzuek erderaz, bañan geien geienak euskeraz noski.

Fakundo Adurriaga Besamotzak kopiatu zituan.

Langillea zan ta oso gazterik eskubia galdu omen zuan txapel fabrikan lanean ari zala.

Au ere gauza da gero: Bertsozko eskuz idatzirik aundiena ezker batek egiña izatea.

Orain ogei ta amabost urte il zan.

Ikusten dezutenez, nik ez nezakean lana laguntzalleak ez banitu.

Emendik danoi nere esker onenak.